IRPHaren inguruko Europako epaia 2020ko martxoaren 3an ezagutuko dugu

Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan aitzindari diren eta kasua Europar Batasuneko Justizia Epaitegira eramatea lortu duten abokatuek konfirmatu dutenez, epaitegiak jadanik jakinarazi die noiz argitaratuko duen epaia: martxoaren 3an izango da, goizeko bederatzietan, Luxenburgon.

Gogora dezagun ahozko saioa 2019ko otsailaren 25ean izan zela, eta Abokatu Nagusiaren ondorioak irailaren 10ean ezagutu zirela. Epaia ezagutzea bakarrik geratzen zen, eta azkenean badakigu noiz izango den. Guk 2020ko otsaila eta uztaila artean gertatuko zela aurreikusi genuen, eta asmatu dugu. Ados, tarte zabal xamarra jarri genuen, baina ez ahaztu izan direla aurreikuspen okerrak, eta gogora datorkigu ustez aditua den abokatu bat, Luxenburgon kontaktuak omen dituena, eta 2019ko azaroan izango zela esan zuena… 🙂

Martxoaren 3a erabakigarria izango da Maite eta Jose Marirekin duela 6 urte luze Donostiako epaitegietan abiatu genuen epaitegietako borrokan. Eta baikorrak izan gaitezke. Europako Batzordea eta Europar Epaitegiko Abokatu Nagusiak kaltedunon aldeko iritzia dute, eta ahozko saioa ongi joan zen. Gainera, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, banketxeen aldekoa zenak, Orduña epaile ohiaren boto partikularra zuen. Eta horixe bera gertatu zen zoru-klausularen inguruko lau epaietan, zeinak Europar Epaitegiak atzera bota dituen. Baina errealistak gara: epaia gure aurkakoa izan daiteke, eta epaitegietako bidea amaitu. Eta gure aldekoa bada ere errealistak gara: Espainiako justizia sistemak ahal duen guztia egingo du ez aplikatzeko, eta banketxeen aldeko irakurketa egingo du. Gertatzen ari da. Baina prest gaude. Europatik bultzadatxo hori besterik ez dugu behar. Eta orain horren zain egotea tokatzen zaigu.