SARRI EGINDAKO GALDERAK

Jarraian topatuko dituzu sarrien jasotzen ditugun galderen erantzunak. Erantzun gabe dagoen galdera zehatzik izan ezkero irphstop@gmail.com helbidera mezua bidali diezagukezu. Galdera guztiak erantzuten saiatzen gara, nahiz eta batzutan denbora dexente behar izaten dugun.

Zerbait egin behar al dut nire dirua berreskuratzeko?

Inork ez dizu dirurik itzuliko mugitzen ez bazara. Gure webgunean edo bestelako bideetatik informa zaitez, eta zure banketxean erreklamazio bat jarriz hasi zaitezke. Ziur aski ez du inolako ondoriorik izango eta abokatu bat kontratatu eta epaitegietara jo beharko duzu.

IRPH Stop Gipuzkoak eraman al dezake nire kasua?

IRPH Stop Gipuzkoa zu bezalako jende kaltetuak osatzen du. Ez gara abokatuak eta ez dugu kasurik eramaten. Urte hauetan guztietan ikasi dugunarekin ahal dugun neurrian informatzen eta laguntzen saiatzen gara.

Abokatu bat aholkatuko al didazue?

Ez gara abokaturik gomendatzera sartzen. Kontrakoa ere ez dugu egiten, nahiz eta zenbait kasutan gogo handiak izan…

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen despatxuarekin harremanetan jarriko al nauzue?

Bilatu “Abogados Res” Googlen.

Zenbat diru erreklamatu dezaket?

Webgunean badugu lagungarri izango zaizun kalkulagailu bat.

IRPHari loturiko nire mailegua babes ofizialeko etxebizitza bati lotua badago ere erreklamatu al dezaket?

Kontuz, mailegua IRPHari lotzea legeak hala aginduta egin bazen orduan gardentasun exijentziatik salbu egongo baizen klausula. Hau da, banketxea zure maileguan IRPHa erabiltzera legez derrigortuta bazegoen orduan klausula ezin da baliogabetu nahikoa gardentasunik ez duelako. Agian edukiaren abusuzkotasunaren kontrola eginez baliogabetu daiteke, baina ez da segurua.

Rural Kutxan edo beste banketxeren batetan IRMH-ari loturiko mailegua baldin badaukat erreklamatu al dezaket?

Guk dakigula IRMH hori IRPH Entidades indizeari deitzeko beste modu bat besterik ez da. Egiazta ezazu aplikatu dizuten balioa beti IRPH Entidades-en berdina izan dela eta hala balitz gardentasun eza nabarmenagoa litzateke zure kasuan. Eskrituratan jartzen duenaren arabera (izena zuzena ez bada, definizio osoa ez badator, aldizkari ofizial batera erreferentziarik ez badago…) gardentasun ezagatik baliogabetzea errazagoa behar luke.

IRPHaren iraganeko bilakaera erakusten zuten taula edo grafikak sinatu banituen ere erreklamatu al dezaket?

Egia esan, hau ez da sarri egiten diguten galdera bat; sekula ez digute egin. Baina zure kasua baldin bada kontuz ibili, ze baliteke zure sinadura horrekin banketxeak gardentasun nahikoa frogatu ahal izatea.

Zuen plataformarekin bat egin al dezaket? Noiz da hurrengo bilera?

Kaleratzeak Stop plataformarekin babesean eta fronte ezberdinetan indarra egiteko elkartu ginen jendeak osatzen dugu plataforma. Ez daukagu bazkide zerrenda formal bat. Abian jartzen ditugun ekimenetan esku hartzeko egon zaitez adi gure webguneari, jarrai gaitzazu Twitter-en edota apuntatu hemen eta albisteak emailez bidaliko dizkizugu.

Nire eskriturak begiratu al ditzakezue, eta reklamatzekorik ba ote dudan esan?

Ezin ditugu jasotzen ditugun galdera guztiak erantzun. Gogora ezazu zu bezalaxe pertsona kaltetuak besterik ez garela. Baina galdera oso konkreturik bazenu irphstop@gmail.com helbidera mezu bat bidali diezagukezu.

Salaketa kolektiborik jarriko al duzue abian?

Modu boluntarioan lagundu gaituzten Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek beti esan izan dute salaketa kolektiboa ez dela egokiena bidegabe ordaindutakoak berreskuratu nahi badira. Europako epaitegiak kasu bakoitza aztertu behar dela esan berri duenean, badirudi banakako salaketa dela oraindik ere ideiarik onena.

IRPHaren arabera ordaindu nituenak erreklamatu al ditzaket nahiz eta orain Euriborra eduki?

Bai. Eta daukazun Euribor hori IRPH Cajas bertan behera geratzean kontratuak hala aurreikusten zuelako aplikatzen badizute hori ere baliogabe geratuko litzateke gainera.

Mailegua ordaintzea bukatu dudan arren / etxegabetu nauten arren erreklamatu al dezaket?

Bai. Ez dago abusuzko klausula bat bertan behera utzi eta kalte ordaina galdegiteko eperik. Banketxeek urte gutxitan iraungitzen dela defendatzen dute, baina itxuraz oinarri juridikorik gabe.