Egun gutxi barru izango da “IRPHari epaiketa” Europan

Datorren astelehenean duela urte batzuk amets bat besterik ez zen zerbait gauzatuko da: Europar Batasuneko Justizia Epaitegian IRPHaz arituko dira. 2013ko urrian indize honen aurkako epaitegietako borroka hasi zen, IRPH Stop Gipuzkoa plataformak Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatu boluntarioekin auzibide bat jarri zutenean. Orduan, askok pentsatu zuten indize ofizial baten aurkako auzibide hark ez zuela inolako jarraibideak izango. Eta 5 urte baino gehiago igaro ondoren hementxe gaude, Maite Ortiz eta José Maria Erauskin Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren aurrean euren argudioak azaltzeko Luxemburgerantz abiatzeko egun gutxi falta direnean.

Hasiera hartan, komunikabideek ez zuten gure aldarrikapenen berri ematen, eta banketxeek ez zuten inongo arretarik jartzen gugan. Orain komunikabideak eta batez ere banketxeak Europako epaitegiak esango duenaren zain daude adi adi. Eta epaitegi europarrak serio hartu du gaia, Areto Handian aztertuko dela erabaki baitu, 15 epailek osaturiko osokoan, eta epaitegiaren presidentearen beraren gidaritzapean.

Egiaren ordua iritsi da, behintzat IRPHaren aurkako borrokaren epaitegietako atalean. Europak berriz ere epaitegi espainiarren aurka egin dezake. Kasu honetan Espainiako Auzitegi Gorenaren aurka, zeinak IRPHa maileguen kontratuetara gehitzen duen klausula ontzat eman zuen, bere eduki eta gardentasuna aztertu gabe.

Hitzordua datorren astelehenean izango da, 2019ko otsailaren 25ean arratsaldeko ordu bietan Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak Luxemburgen duen egoitzaren Areto Handian. IRPH Stop Gipuzkoa bertan izango da eta zuzenean emango du gertakarien berri @irphstop_gpzkoa Twitter-eko bere kontuaren bidez, naiz era saioak dirauen bitartean informazio jarioa eten beharko duen, mugikorren erabilera galarazita baitago.

Aldeek, kasu honetan salatua izan den Bankiak eta salaketa jarri zuenaren abokatu diren Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek, hitza hartzeko aukera dute, eta erantzuteko aukera ere bada. Gainera epaileek galderak egin eta azalpenak eskatu ditzakete, eta beraz saioa luzatu egin liteke. auzibidean esku hartzea erabaki duten beste erakundeek ere hitza hartu dezakete, hala nola Europako Batzordea eta batasuneko bi estatu: Erresuma Batua eta Espainiako Erresuma.

Europako Batzordearen iritzia da garrantzitsuena, printzipioz neutrala baita. Eta berri ona da Batzordeak aurkeztu duen idatzian Espainiako Auzitegi Gorenaren aurka egiten duela, ez baitago ados IRPHa ontzat ematen zuen bere epaiarekin. Batzordeak bat egiten du epai hari bi epailek eman zioten boto partikularrarekin, zeinak oso larria den zerbait esaten zuen: epaia zuzenbidearen aurkakoa dela. Hau zalantzari k gabe oso berri ona da kaltedunontzat.

Erresuma Batuak bere aldetik, Europar Batasuneko Epaitegiak erantzun beharko dituen galderen arteko zenbaitentzat erantzuna proposatu du. Erresuma Batuan ez dago IRPHrik, baina epaitegiaren ebazpenak estatu guztientzat lotesleak direnez eta beste gaietara eraman daitezkeenez, Erresuma Batuak esku hartu nahi izan du, banketxeen interesen aldekoa den zentzu batetan.

Espainiako Erresumak ere bere ekarpena egin nahi izan zuen, eta bere idatzia aurkeztu zuen. Espainiako gobernuaren menpeko den Europar Batasuneko Epaitegirako abokatuak aurkeztu zuen idatzia. Espainiako gobernuen ibilipea ezagututa inor ez du harritu behar idatzi hori banketxeen interesen aldeko eta kaltedunon aurkakoa dela jakiteak. Espainiako gobernuak hitza hartu esateko IRPHaren klausula ezin dela abusuzkotzat jo eta hala egitekotan ezin zaiela banketxeei eskatu kobraturiko dirua itzultzerik. Idatzia 2018ko ekainaren 7an izan ze naurkeztua. Ordurako Pedro Sánchez zen dagoeneko gobernuko presidente, baina oraindik ez zuen Marco Aguiriano sozialista jarri Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzaren buruan (bere menpe dago Espainiako Estatuak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian duen Abokatutza). IRPH Stop Gipuzkoa plataformak PSOEren Espainiako Gobernuari exijitu dio estatu espainiarrak auzian duen jarrera aldatzeko, Europar Batzordearen irizpidearekin bat eginaz edota gutxienez neutraltasuna mantenduz (bere idatzia bertan behera utziz eta ahozko saioan esku ez hartuz). IRPH Stop Gipuzkoaren ekimen hau Legez Besteko Proposamen moduan erregistratua izan zen Espainiako Kongresuan, eta Europar Batasunerako Komisio Mistoan bozkatua izateko zain dago 3 hilabete luzez. Badirudi Soraya Rodríguez PSOEko kideak, komisioaren presidente denak, bozketa blokeatzea erabaki duela. Pena bat da, gainontzeko alderdien iritzia ezagutzea eragozten baitu. PSOEren jarrera astelehenean ikusiko dugu Luxemburgen.

Ahozko saioaren ondoren gaiari jarri zaion abokatu orokorraren ondorioak iritsiko dira, aste batzuen epean. Eta ondorio horik aztertu ondoren emango du argitara epaitegiak bere erabakia, Hilabete gutxi batzuk falta dira beraz oraindik horretarako.

Bitartean Twitter-eko @irphstop_gpzkoa profila jarrai ezazu albiste guztien berri izateko.