Espainiako gobernuari exijitu diogu ez dezala berriz ere banketxeen alde egin Europako epaitegian

Gaur, 2021eko otsailaren 25ean bi urte betetzen dira Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak Luxemburgen duen egoitzan IRPH klausularen inguruko ahozko saioa ospatu zenetik. Gure webgunean saioaren kronika zabala egin genuen, eta hemen duzu ikusgai.

IRPHri egin zitzaion “lehen epaiketa europar” haren ondoren 2020ko martxoaren 3an epaia iritsi zen, Espainiako Auzitegi Gorenaren banketxeen aldeko irizpidea zuzentzen zuena. Baina epai europar hau ez da nahikoa izan Gorenak klausula baliogabetu dezan, eta horregatik bi galdera berri iritsi dira Europar Epaitegira, eta honek onartu egin ditu. Beraz IRPHaren “bigarren epaiketa europarra” laster iritsiko da.

Testuinguru horretan, eta epaiketaren bigarren urteurrenarekin, IRPH Stop Gipuzkoatik gogorarazi nahi dugu lehen epaiketa hartan PP eta PSOEren Espainiako Gobernuek banketxeen interesen alde eta hiritarren eskubideen aurka egin zutela. Horregatik, plataformatik idatzi bat helarazi diegu Espainiar Kongresuko talde guztiei. Bertan, PSOE eta Unidas Podemos-i eskatzen diegu gobernuak prozedura berrietan esku hartu dezala kaltedunen alde eginez edo gutxienez neutrala izan dadila eta ez dadila aurkeztu. Gainontzeko taldeei eskatu diegu Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu dezatela, gobernua jarrera horretara bultzatzeko.

Taldeei bidali diegun dokumentua hemen ikus dezakezu.

PSOE eta Unidas Podemos-en gobernuak ez die erantzuten IRPHa bertan behera uzteko eskaerei

PSOEren jarrera ezaguna da: askotan egin dute gu babestearen itxura, baina euren eskuetan egon den guztietan IRPHaren lapurreta mantentzea ahalbideratu dute.

Unidas Podemos-en kasua ezberdina da: orain dela ez asko arte ez dute erantzukizun kargurik izan, baina gaur egun Espainiako Gobernuaren parte dira, eta presidenteordetza bat eta Kontsumo Ministerioa dituzte, besteak beste. Zertan nabaritu dugu IRPHaren kaltedunok Unidas Podemos gobernura iritsi izana. Ezertan ere ez. IRPHak indarrean jarraitzen du.

Testuinguru honetan, 2020ko abenduaren 15ean Iñigo Errejón Más País alderdiko diputatuak Espainiako Kongresuan idatzizko erantzuna eskatzen duen galdera hau sartu zuen, non gogorarazten duen IRPHa bertan behera uztea gobernua eta bere borondate politikoaren esku dagoela eta galdetze duen ea gobernuak IRPHa bertan behera uzteko asmorik ba ote duen.

PSOE eta Unidas Podemos-en gobernuaren erantzuna 2021eko otsailaren 11an iritsi da, eta adarjotze bat da, IRPHaren inguruko legedia zerrendatzera mugatzen baita.

Badirudi beraz Unidas Podemos gobernura iristeak ez duela ezer aldatu: IRPHa “cuestión de estado” da, eta estatu espainiarreko erakundetatik ezin dugu ezer onik espero. Gure itxaropenak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian jarrita daude.

Espainiako gorteak disolbatuko dira, IRPHaren Europako epaiketa eztabaidatu gabe

Pedro Sánchezek bihar sinatuko du Espainiako Gorteen disolbatzea. IRPHari Luxenburgon egiten ari zaion epaiketan Espainiako gobernuak izan beharko lukeen jarrerari buruzko eztabaidarik ez da izango beraz.

Gogora dezagun IRPHaren inguruan Europar Batasuneko Justizia Epaitegian ematen ari den auzibidean Espainiako estatuak bere burua aurkeztu zuela, banketxeen aldeko idatzi batekin. Bertan zioen maileguak IRPH indizeari lotzen dituen klausula ezin dela abusukotzat jo, eta eskatzen zuen klausula hori baliogabetzekotan ez itzultzeko dirurik kaltedunei. Idatzia Espainiako Estatuak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian duen Abokatutzak prestatu zuen 2018ko ekainaren 7an. Ordurako Pedro Sánchez zen dagoeneko gobernuko presidente, baina oraindik ez zuen Marco Aguiriano PSOEko kidea jarri Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzaren buruan. Idazkaritza honen menpe dago idatzia prestatu dien erakundea. Gobernu aldaketarekin (Rajoytik Sánchezera), askok uste izan zuen gobernu espainiarraren jarrera aldaketa bat posible zela.

IRPH Stop Gipuzkoak idatzi bat prestatu zuen, PSOEk sekula erantzun ez zuena, baina Unidos Podemos, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias alderdiek legez besteko proposamen bezala aurkeztu zutena. Ordutik hona, Europar Batasunekrako Komisio Mistoak proposamenaren eztabaida eta bozketa programatu zain egon gara. Modu honetan beste alderdien iritzia ezagutu nahi genuen. PPrena argi dago, bankuen aldeko idatzia prestatu baitzuen. Unidos Podemos, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias kaltedunen alde daudela ere argi dago. Baina gainontzeko alderdiek ez dute erantzun, eta eztabaida ez da emango. Komisioaren presidentea, 4 hilabete hauetan proposamena tramitatzea oztopatu duena, Soraya Rodríguez PSOEko kidea da.

Baina PSOEren iritzia oso argi geratu da. Otsailaren 25eko ahozko saioan, Espainiako abokatuak kaltedunoi dirurik ez itzultzea babestu zuen. Kalte ekonomiko larriaren ustezko arriskua jarri zuen aitzakiatzat, nahiz eta europar Batasuneko ordezkariak behin baino gehiagotan esan zion ez zuela behar bezala frogatu.

Gainera Marco Aguiriano berak, Europar Batasunerako Estatu Idazkariak eta Espainiaren jarrera aldatzeko eskatu genionak, oso argi utzi du bere iritzia: IRPHaren kaltedunok oso azkartzat genuen geure burua, baina galtzaile irten gara. Ordu txikitan argitaratu dituen txio batzuekin burla egin digu. Hemen irakur dezakezu albistea.

Orain alderdi guztiek botoa eskatuko digute, eta esku hartzeko asmoa duzuenok hau guztia kontuan izan beharko zenukete.

Espainiar estatuak IRPHaren inguruan Europako Epaitegian izan behar duen jarrera eztabaidatuko du Kongresuak

Urriaren 18an salatu genuenez, IRPH klausularen auzian estatu espainiarrak Europako Epaitegiaren aurrean hitza hartu nahi izan du, eta banketxeen alde aritu da. Kanpo Gaietarako Ministerioaren menpeko den estatu espainiarraren abokatuak idatzi bat aurkeztu zuen IRPH klausula abusuzkoa ez dela argudiatuz, eta azkenean aurkako erabakiko balitz eta klausula baliogabetuko balitz atzerako eraginik ez izateko eskatuaz, banketxeek kobraturiko diruak itzuli beharrik izan ez dezaten.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak Espainiako Kongresuko talde parlamentario guztiei helarazi zien Legez Besteko Proposamen zirriborro bat, Espainiako Gobernuari jarrera aldatzeko eskatuaz, kontsumitzaileak defendatu ditzan edota gutxienez inpartziala izan dadin. Orain artean, gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenak 2017ko abenduaren 14an IRPHa inolako gardentasun kontrolik gabe aplikatzea hobetsiz ebatzi zuen epaia defendatu du. Baina azpimarratzekoa da epai horrek bazuela bi magistraturen boto partikularra, zeinak zalantza izpirik gabe esaten zuen epaia Europako zuzenbidearen aurkakoa dela. Gainera, Europako Batzordeak ere hitza hartu du kasuan, eta boto partikularraren alde eta Espainiako Auzitegi Goreneko irizpidearen aurka egiten duen idatzi bat aurkeztu du.

Kaltedunon presioari esker oposizioko diputatu batzuk gure Legez Besteko Proposamena errejistratzea lortu dugu. Dokumentuan ikusi ahal duzunez, honako hauek izan dira: Rafa Mayoral eta Alberto Garzón (Unidos Podemos), Joan Baldoví (Compromís), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) eta Pedro Quevedo (Nueva Canarias). Testua Komisio batetan bozkatua izango da, eta bertan gobernuari eskatzen zaio bere jarrera alda dezala epaiaren ahozko saioa baino lehen, oraindik ez baita ospatu.

Orain oso garrantzitsua da politikoak testu hau onartzera bultzatzea. Horretarako Osoigo atarian ekimen bat abian dugu, eta oraindik 250 babes behar ditugu. Mesedez, SARTU OSOIGO ATARIAN HEMEN EGINEZ ETA BABESTU GALDERA.

Zure babesa behar dugu Madrilgo Kongresura iristeko

Pasa den urriaren 18an ezagutzera eman genuenez, Espainiako Gobernua Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren aurrean banketxeen alde egiten ari da IRPH auzian. Onartezina da, eta Epaitegiak erabaki bat hartu aurretik aldatu behar dugu.

Espainiako Gobernua eta Kongresua presionatzen saiatzeko Osoigo atarian ekimen bat abiatu dugu, baina 1.000 babes behar ditugu galdera Kongresura iristeko. Mesedez, jarraitu lotura hau eta babestu galdera:

IRPH-ari buruzko galdera Osoigo atarian

.

Europako Epaitegiek IRPHa epaitu atarian gobernuari galdera egin dio En Marea – Unidos Podemos taldeak

Aurrez EH Bildu izan bazen Kongresuan Gobernuari galdera egin ziona Europako Epaitegiek IRPHaren gaia aztertu behar dutela eta izango duen jarreraren inguruan, orain En Marea (Unidos Podemos) izan da, Senatuan.

Galderak (hemen eskuragarri dituzunak), Marcos Guerreiro IRPHaren aurkako aktibista eta adiskideak bultzatu ditu Galizatik, eta En Marea (Unidos Podemos) taldeko Vanessa Angustiak aurkeztu ditu. Talde honek Maite Ortiz eta José María Erauskinen agerraldia ere eskatu du gainera.