Espainiako gorteak disolbatuko dira, IRPHaren Europako epaiketa eztabaidatu gabe

Pedro Sánchezek bihar sinatuko du Espainiako Gorteen disolbatzea. IRPHari Luxenburgon egiten ari zaion epaiketan Espainiako gobernuak izan beharko lukeen jarrerari buruzko eztabaidarik ez da izango beraz.

Gogora dezagun IRPHaren inguruan Europar Batasuneko Justizia Epaitegian ematen ari den auzibidean Espainiako estatuak bere burua aurkeztu zuela, banketxeen aldeko idatzi batekin. Bertan zioen maileguak IRPH indizeari lotzen dituen klausula ezin dela abusukotzat jo, eta eskatzen zuen klausula hori baliogabetzekotan ez itzultzeko dirurik kaltedunei. Idatzia Espainiako Estatuak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian duen Abokatutzak prestatu zuen 2018ko ekainaren 7an. Ordurako Pedro Sánchez zen dagoeneko gobernuko presidente, baina oraindik ez zuen Marco Aguiriano PSOEko kidea jarri Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzaren buruan. Idazkaritza honen menpe dago idatzia prestatu dien erakundea. Gobernu aldaketarekin (Rajoytik Sánchezera), askok uste izan zuen gobernu espainiarraren jarrera aldaketa bat posible zela.

IRPH Stop Gipuzkoak idatzi bat prestatu zuen, PSOEk sekula erantzun ez zuena, baina Unidos Podemos, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias alderdiek legez besteko proposamen bezala aurkeztu zutena. Ordutik hona, Europar Batasunekrako Komisio Mistoak proposamenaren eztabaida eta bozketa programatu zain egon gara. Modu honetan beste alderdien iritzia ezagutu nahi genuen. PPrena argi dago, bankuen aldeko idatzia prestatu baitzuen. Unidos Podemos, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias kaltedunen alde daudela ere argi dago. Baina gainontzeko alderdiek ez dute erantzun, eta eztabaida ez da emango. Komisioaren presidentea, 4 hilabete hauetan proposamena tramitatzea oztopatu duena, Soraya Rodríguez PSOEko kidea da.

Baina PSOEren iritzia oso argi geratu da. Otsailaren 25eko ahozko saioan, Espainiako abokatuak kaltedunoi dirurik ez itzultzea babestu zuen. Kalte ekonomiko larriaren ustezko arriskua jarri zuen aitzakiatzat, nahiz eta europar Batasuneko ordezkariak behin baino gehiagotan esan zion ez zuela behar bezala frogatu.

Gainera Marco Aguiriano berak, Europar Batasunerako Estatu Idazkariak eta Espainiaren jarrera aldatzeko eskatu genionak, oso argi utzi du bere iritzia: IRPHaren kaltedunok oso azkartzat genuen geure burua, baina galtzaile irten gara. Ordu txikitan argitaratu dituen txio batzuekin burla egin digu. Hemen irakur dezakezu albistea.

Orain alderdi guztiek botoa eskatuko digute, eta esku hartzeko asmoa duzuenok hau guztia kontuan izan beharko zenukete.

IRPHa Twitter-eko hauteskunde kanpainan, oraingoan Ciudadanos-en eskutik

160613_tweet_Rivera

IRPHaren hainbat kaltedun Twitter sarean egiten ari den lana nekaezinari esker, eta hauteskunde kanpainan politikariek izan ohi duten sentsibilitatea medio, IRPHa albiste da berriz ere. Aurreko batean kontatu genuen Unidos Podemos koalizioko hainbat politikarik, Pablo Iglesias eta Alberto Garzón barne, IRPHaren iruzurraren aurkako txioak argitaratu zituztela. Egun batzuk beranduago Albert Rivera-ren txanda iritsi da. Honek ere #IRPHestafa traola erabili du eta konponbideak topatzeko garaia dela esan du.

Hauteskunde garaiko mezuak zuhurtziaz hartu behar dira, eta kontuan hartu behar da gainera ez dutela IRPHaren aurkako neurri konkreturik zehaztu. Baina hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernurako bi presidentegaik IRPHaren iruzurra ahotan izatea garrantzitsua da. Espero dugu keinu hauetaz haratago IRPHaren desagertzea eta kalteak konpontzea hautagai guztien programetan sartzea. Eta batez ere, ekainaren 26aren ondoren agindutakoak betetzea. Guk hementxe jarraituko dugu, horiek betearazteko.

Bitartean, jarrai gaitzazu Twitter-eko gure @irphstop_gpzkoa kontuan IRPHaren inguruko albiste guztien berri izateko.